Historia Apur Bat | Un Poco De Historia

Joan - Ir                

HASERATIK 2015/2016 DENBORALDIRA

Buruntzaldea Igeriketa Kirol Taldea 2007ko uztailaren 5ean eratu zen Lasarte-Orian. Klubaren sorrera, bere aurretik egoera kaxkarrean zeuden beste bi kluben elkarketatik sortu zen; Lasarte Igeri Elkartea eta Andoaingo Kirol Elkarteen Klubaren elkarketatik.

2016/2017 denboraldiko infantil, junior eta absolutuak
2016/2017 denboraldiko taldeko gaztetxoak Hernanin 

Gipuzkoako Federazioa, garai hartan, komarkalizaio prozesu bat bultzatzen ari zen, gure lurraldean zehar igeriketaren kirola beherakadan zela ikusita. Andoain eta Lasarteko igeriketa taldeen egoera ere ildo horretatik zihoan, aurreko urteetan, pixkanaka- pixkanaka, taldeak osatzen zituzten haur eta gazteen kopuruak behera egin baitzuen eta bi taldeen ardurapean zeudenek, nekez eusten ziotelako taldeek eskatzen zuten ardurari.

Komarkalizazio prozesu horren markoan eta bi taldeen gainbeheratik sortu zen gaur egun sasoi betean den Buruntzaldea Igeriketa Kirol Taldea, bere baitan Lasarteko eta Andoaingo taldeak bilduz eta Hernani eta Usurbilgo taldeei bertan integratzeko aukera emanez. Gaur egun, taldea Lasarten eta Andoainen dago eta bietan gauzatzen ditu entrenamenduak eta bietan egiten du lan haur, igerilari gazte eta helduekin.

Lehen urteak zailak izan ziren taldearentzat. Beraien artean ezezagunak ziren haur eta gazteak elkartu ziren eta entrenatzaileak aurkitzea ere ez zen erraza izan. Hasiera batean, haur eta gazte asko bildu baziren ere, lehen urteekin kopuruak ere behera egiten jarraitu zuen, lurralde osoan gertatzen ari zen egoerari jarraiki- eta esperientzia eta igeriketaren inguruko jakintza zuten entrenatzaileak aurkitzea zaila izaten jarraitzen zuen. Modu horretan, taldeak 46 igerilari besterik ez izatera iritsi zen 2009-2010 denboraldiaren amaieran.



Denboraldi horren amaieran, zorionez, ziklo berri bat hasi zen. Entrenatzaile aldaketarekin batera, taldea urtez urte gero eta igerilari gehiago izatera pasa zen, etengabe, gaur egun dituen 150 igerilarietara iritsi arte. Azken zazpi denboraldi hauetan igeriketaren praktikak gora egiteaz gain, eta praktika horretan etengabe gero eta haur, gazte eta heldu gehiago formatzeaz gain, praktika horren mailak ere nabarmen egin du gora ziklo berri honen hasieratik hona.


Lehen denboraldi horretan Gipuzkoa zein Euskadiko Txapelketetako lehen postuetan izan ziren igerilariak jada eta taldean lehen aldiz Espainiako Txapelketetarako sailkapenak iristen hasi ziren Iñigo Ibarbururekin.

Gerora, urtez-urte ugari izan dira maila hori lortu duten igerilari eta gazteak: Iñigo Ibarburu, Itsaso Tolosa, Haitz Mitxelena, Mikel Esnal, Naiara Lizaso, Ainara Garcia, Nahia Jie Villamediana, Irati Arzalluz, Unai G. Somovilla, Paula Sevillano, Leire Martin, Ainhoa Martin, Nahia Zudaire, …

Mikel Esnal Azpeitian
Beste lorpen haundi bat, igerilariak aktiboan mantentzea izan da, izan ere, aipatutako zerrendatik bi baino ez dira gaur egun taldean ez daudenak eta Mikel Esnal eta Haitz Mitxelena bezelako gazteek, 25 eta 24 urterekin, oraindik ere inplikazio bete-betean jarraitzen dute. Bestalde, gure taldeak, Lasarte Igeri Elkarteak hasitako Lasarte Saria urtero ospatzen jarraitzen du eta horretaz gain, igeriketako jardunaldi desberdinen antolaketaz arduratzen da. Haur eta gazteekin ere, ugari izan dira Zuazara, Benidorm-era eta bestelako tokietara egindako irteerak eta egonaldiak, jarduera igeriketatik haratago eramanez.

ARO BERRIKO LORPENAK

Bigarren ziklo horretan zehar, 2010-2011 denboralditik hona, taldeak zenbait lorpen zan ditu Estatu mailan eta asko Gipuzkoa eta Euskal Herri mailan, etengabeko sendotze eta formatze horren ondorioz. Espainiako Txapelketa batean taldearentzat lehen domina irabazi zuena Itsaso Tolosa izan zen: brontzea eskuratu zuen 200 bizkar proban. Geroztik, Iñigo Ibarburu izan da dominak eskuratzen hurrena. 2014ko uztailean zilarra eskuratu zuen Iñigok junior mailako 100 tximeleta proban eta hurrengo denboraldian postu berbera lortu zuen. 
  
         

Leire Martin-ek brontzea eskuratu zuen 2017ko Infantil mailako Espainiako Udako Txapelketako 200 bizkar proban eta txapelketa berean, Ainhoa Martin-ek zilarra lortu zuen 200 bular proban eta urrea 100 bular proban. Master atalean, 2016ko otsailean jokatutako Espainiako Neguko Master Txapelketan Mikel Esnalek 4 urre irabazi zituen: 50 eta 100 librean, 50 bizkar proban eta 50 tximeletan. Eta Haitz Mitxelenak berriz bi, 100 eta 200 tximeletan. Horretaz gain, ugari izan dira Espainiako Txapelketetan Euskal Selekzioa defendatu duten igerilariak ere.

Honen oinarrian dagoen lorpenik handiena, hala ere, taldeak igerilari kopuruan izan duen gorakada dago. 2009-2010 denboraldiaren amaieran 50 bat igerilari izatetik, denboraldiz denboraldi, nahiko erritmo konstantean, taldeko haur eta igerilari kopuruak gora egin du, praktika honetan egin den lanaren erakusgarri eta, etorkizunera begira, oinarri sendo bat izatea lortuz.

ATE BERRIAK. MASTER ATALA

Igeriketa arloari gizarteratzea eta bultzada emateko asmoarekin 2012-2013 denboraldian, taldeak master atala zabaldu zuen. Garaiarekin bat etorriz, taldeak igerilari gazte eta helduei igeriketa kirola praktikatzeko aukera zabaldu zien. Modu horretan, igerilekuko igeriketari eta ur irekietakoari bultzadatxoa ematen lagundu du taldeak eta baita helduen kirol praktikari ere. Gaur egun, 30 bat lagun dira astean hirutan atal honetan entrenatzen dabiltzanak. Horrekin lotuta, 2017-2018 denboraldian taldeak entrenamendurako Triatloi atala ere zabaldu du, igeriketako entrenamenduak gauzatzeaz gain, lasterketa, txirrindularitza eta beharrezko lan fisikorako entrenamenduak bideratuz.

ETORKIZUNERA BEGIRA

Etorkizunera begira ere badago taldea. Aurretik landutakoa ondo errotuz eta mantenduz, erronka berriei heltzeko prest dago. Erronka berri horien artean waterpoloa eta igeriketa sinkronizatua daude, “nahiz eta lehentasuna waterpoloari emango diogun oraingoz”.

Zentzu horretan, entrenatzailea aurkitzea da zailena eta entrenatzaile euskalduna gainera, Buruntzaldea IKT-k euskerarekin erabateko konpromezua baitu, bere argitalpen eta gizarteratze guztietan nabarmentzen den bezela eta baita bere barne praktikan ere. Entrenatzaile hori aurkitu bitartean, funtzionamendua nola izango den zehazten ari da taldea, “pertsona bat dugunean arlo berri hori ere martxan jartzeko”.




2017ko urtekariaren azala

2016/2017 DENBORALDIA

2016/2017 denboraldia zehar Buruntzaldea IKT igeriketa taldeak osasun ederrean jarraitu du. Taldeko partaideei dagokionean, azken urteetako igerilari kopuruari eutsi dio, igeriketa gure herrian errotua dagoenaren seinale.

2016/2017 denboraldian zehar gure taldeak 150 igerilarien bueltan jarraitu du, hasiberriak izan diren 2009an jaiotako umeetatik hasi eta Master ataleko igerilari helduenararteko adin tarteetan.


Aipatu beharra dago baita ere, emakumezko zein gizonezkoen parte-hartzea oso orekatua izan dela orokorrean.


Klubaren baitan dauden atalei dagokionez, taldeak orain artekoari ondo eutsi dio, adin eta kategoria desberdinetako igeriketa eskolar zein federatuaz gain, masterren atalean ere lan eginez jarraituz. Denboraldi honetarako, “Estiloak” atala denboraldi batez albora utzi genuen, bere antolaketa, helburu eta formatuari buelta bat emateko asmoz. Horri 2017/2018rako buelta eman bitartean, ur irekiei begira, ekainaren erdialdetik aurrera kontxako badian burutu genuen “Master SwimCamp” jarduerari zabaldu genizkion ateak, ur ireki eta itsas zeharkaldietako probak prestatzeko aukera eman asmoz eta jarduera hau nahi zuen edonori irekiz.

IGERIKETA ESKOLARRA

Eskolarrei dagokionez, gure taldeak ohiko lanean jarraitu du, gurekin hasten diren umeak igeriketaren kirolean formatuz eta bide batez, hori bera bizitzarako ikaskuntza moduan baliatuz. Kirol arloari agokionez, ohikoak diren Gipuzkoa barruko lehiaketetan hartu dute parte gure igerilariek. Horien rtean, alebin kategorian, haur ugari izan ditugu Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketetan eta orokorrean ohiko maila ona izan dute gure haurrek.


Arlo honetan, gure benjaminek, “Kirol Zehaztasun Liga”-ko (KZL) eta “Test” topaketetako 5 jardunaldietan hartu dute parte eskolar mailan. Maila berean, alebinek, “Alebin Liga”-ko zazpi jardunaldietan parte hartu dute. Bai benjaminek eta baita alebinek ere, euren ohiko jardunaldiez gain, neguko Sari batean, udaberriko batean eta Udako Sari batean hartu dute parte, negukoan Oiartzungo “San Esteban Saria”n parte hartuz, udaberrian Gipuzkoako Federazioaren “50 metrotako Saria”n arituz eta udaran, nola ez, gure taldeak antolatzen duen “Lasarte Saria” jokatuz.

Lasarteko XXVIII  Saria 

Unai G. Somovilla eta Aintzane Sarobe
Lasarteko XXVIII. Sariko txapeldun
2016/2017 denboraldikoa 28. Edizioa izan zen gure taldeak antolatzen duen “Lasarteko Saria”rentzat. Ohi bezala, haurrentzat denboraldi amaierako festa bezala antolatzen dugun jarduera honek, taldekide berrien erakustaldia ikusteko eta gure haurrak igerian ikusteko azken parada bezala balio izan zuen aurtengoan ere. Gipuzkoa, Euskal Herria edo Espainiako Txapelketarik ez zuten haurrek, sari honekin eta itsasora zein paintballera egindako irteerekin amaiera eman zieten denboraldiari.



IGERIKETA FEDERATUA

Federatuei dagokionez, txikiekin hasi behar dugu. Izan ere, alebinen kasuan, euren ohiko “Alebin Liga”ko jardunaldiez eta Sari desberdinez gain, zenbait haur federatu mailan ere aritu direlako, bai “Adinen Arteko Gipuzkoako Txapelketa”n, bai “Alebinen Euskal Herriko Txapelketa”n eta baita “Espainiako Alebin Kategoriako Txapelketa”n ere. Gipuzkoakoan 6 zilar eta 5 brontze lortu zituzten parte hartu zuten zortzi igerilariek, Euskal Herrikoan berriz, urre 1 eta zilar 1 eskuratu zituzten beste gauza batzuen artean. Unai G. Somovilla, Espainikoan aritu zen, Bartzelonako Picornell igerilekuetan 100 bular eta 100 bizkar probatan bikain arituz.






Infantil, junior eta absolutuei dagokionez, urteko jardunaldi eta lehiaketa guztiak aipatzea ezinezkoa denez, guretzat garrantzitsuenak izan direnak nabarmenduko ditugu. 

Batetik Gipuzkoako Kluben Arteko Kopa. Denboraldi honetan, gure taldeak, beste behin ere podiumean egotea lortu zuen eta bitan gainera. Batetik, emakumezkoetan bigarren sailkatu zen gure taldea eta bateratuan ere txapeldunorde izan zen. Mutilak ere bikain aritu ziren laugarren postua lortuz. Gipuzkoako zein Euskal Herriko neguko zein udako txapelketetan ere gureek domina, marka eta errekor ugari lortu zituzten. 

Espainiako Txapelketei dagokionez, Iñigo Ibarburu Neguko Absolutu mailakoan aritu zen, Leire eta Ainhoa Martin infantil mailako Neguko zein Udakoan eta Paula Sevillano Espainiako Infantil mailako Udakoan.

Infantil mailako Udakoan emaitza bikainak

Ainhoa Martín, Paula Sevillano eta Leire Martín Málagan
Malagan ospatu zen Infantil Mailako Espainiako Udako Txapelketan marka bikainak eskuratu zituzten parte hartu zuten hiru neskek. Batetik, Ainhoa Martin-ek 100 bular proban urrea eskuratu zuen eta zilarra 200 bular proban. Leire Martin-ek berriz, brontzea eskuratu zuen 200 bizkar proban. Horretaz gain txapelketa honetan Paula Sevillano ere bikain aritu zen eta hiruren artean marka pertsonal mordoa eta Euskadiko zenbait Errekor berri lortu zituzten.


Euskadiko Errekorrak

Zentzu honetan, 2016/2017 denboraldian zehar gure igerilariek Euskadiko zenbait Errekor berri ezartzea lortu zuten. Batetik, igerileku laburrean, 14 urtekoetan, Leire Martin-ek 100 bizkarreko errekor berria 1:04,68an utzi zuen eta 200 bizkar probakoa berriz 2:17,61ean. Horretaz gain, 200 estiloak probako Euskadiko Errekor berria 2:24,00an ezarri zuen eta 400 estiloak probakoa aldiz, 5:03,59an. 

Igerileku luzean, Leirek berak, 200 bizkar probako 14 urteko errekor berria 2;22,17an ezarri zuen eta 400 estiloak probakoa berriz 5:08,82an. Bere ahizpa Ainhoak, 200 bular probako 14 urteko Euskadiko Errekor berria lortu zuen 2:42,16 markarekin. 

Gaur egun, errekor hauek eta oraindik ere Iñigo Ibarburuk dituen 6ak kontutan izanda, guztira 13 Euskadiko Errekor dira gure igerilariek dituztenak.

IGERIKETA EGOKITUA

Igeriketa egokituaren atalean, egokitzapen fisikoen alorrean, Nahia Zudaire izan da zalantzarik gabe taldeko eredu. Nahiak, igeriketa arruntean igeri egiteaz gain, igeriketa egokituko Espainiako Zenbait Txapelketetan egon da, domina eta emaitza bikain mordoa eskuratuz. Batetik adin tarteen Espainikoan, urtarrilean Valdemoron, Txapeldun izan zen Nahia Euskadikoarekin lehiatuz. Euskadikoarekin baita ere, baina Erkidego arteko Espainakoan bikain lehiatu zen absolutu mailan. Aste Santuan, “Etorkizuneko Paralinpikoen Kontzentrazioa”n izan zen Madril-en eta ekainean, Cadiz-en, Absolutu mailako Espainiako Txapelketan, 4 urre eta Espainiako Absolutu mailako 2 errekor berri ezartzea lortu zuen, bata 400 librean (6:09,66) eta bestea 50 tximeletan (40,43).


Arlo honi dagokionez, gure taldearentzat oso garrantzitsua da egokitzapen fisikoen arloan ere lan egitea, egokitzapen fisikoak behar dituzten haur eta gazteei igeriketa egiteko aukera emanez eta igeriketa eta kirola bera eremu hauetan sustatzeko asmoz. Etorkizunean ere, arlo honetan hobekuntzak lortzeko lanean jarraitzen du taldeak.

MASTERRAK

Master ataleko igerilariek, ohi bezala denboraldi honetan ere ez dute hutsik egin. Guztira 30 bat igerilari izan dira atal honetan aritu direnak eta denboraldian zehar igeriketa egin dutenak. Adin tartea handia den arren, ederki moldatu dira denak, eta normalean euren helburu diren ur irekietako lehiaketetan bikain aritu dira, askotan podiumean egotea lortuz.

Master SwimCamp

Ur irekiei dagokionez, denboraldi honetarako jarduera puntual bat zabaldu genuen, itsasoan entrenamenduak burutzeari begira. Horretarako beharrezko materiala lortu eta astean hiru egunez itsasoan entrenamenduak burutzen aritu ginen ekainaren 12tik uztailaren 21era bitartean.

Lehen edizio honetan igerilari dexente aritu ziren eta esperientzia benetan ona izan zen. Aurtengo denboraldian ere aurrera eramateko asmoz gaude, nahi duenak, taldean, itsasoan igeri egiteko aukera izan dezan.

Etorkizunera begira, 2017/2018 denboradlian “Triatloi” atala jarriko du martxan taldeak, lehiaketarako talde bezela baino, entrenamenduko talde izaera hartuz. Bestetik, urpoloa eta sinkronizatua bezalako atalak zabaltzeko lanean jarraituko dugu baita ere."



2017/2018 DENBORALDIA

Aurreko denboraldietako ekintza eta jarduerei begira, sorreratik hona gure taldeak izandako garapena gogoan hartzea beharrezkoa dela ikusten dugu herrian egindako lana ulertu ahal izateko. 

Alde batetik, bere sorrerako lehen urteetan 45-50 igerilari eskas izatetik 150 igerilari inguruko talde bat izatera pasatu da gure taldea eta bere horretan mantendu da gainera azken lauzpabost urteetan. Horren oinarrian, zalantzarik gabe, gure taldeak igeriketa ezagutarazteko eta promozionatzeko egindako lana dago eta baita kirolari berari dagokionean, ezagutzan, irakaskuntza ahalmenean eta entrenamenduko ezagutzan emandako aldaketa eta aurrera pausoa. Horrek guztiak gure herrian bakarrik ez, Gipuzkoa, Euskal Herria eta baita Estatu mailan ere, talde ezagun eta kontutan izateko taldea izatera eraman du gure elkartea.


Kontestu horretan, ehundaka izan dira gure taldetik pasa diren haur eta gazteak, hasera batean igeriketaren oinarriak ezagutu eta lantzeko eta gerora nork bere bidea egiteko, dela kirol errendimendua edo dela kirol praktika hutsa. Gure taldetik pasatako haur eta gazte horien partaidetzaren ideia horretatik eratorri da gaur egun gure elkarteak darabilen leloa: 

…herria iturri, ehundaka igerilarik sortutako olatua…

Estiloak ataleko zenbait partaide
Guzti hau, lasterketa igeriketaren alorrean gertatu da, baina gure taldeak igeriketa arruntaren formatu hutsetik aurrera egiteko beharra ulertzeko gaitasuna izan du eta ikuspuntu horretatik abiatuta 2012/2013 denboraldian Master atala eta Estiloak atala abiatu zituen. Biak gaur egun ere sasoi betean dauden atalak dira non lehenengoan adinez nagusiekin igeriketa, ur irekietako igeriketa, triatloia eta osasun-kirola lantzen diren eta bigarrenean haur eta gazteekin igeriketaren erabilpen praktikoago bat bultzatzen den, bai kirol praktika sustatzeko bai partehartzaile hauen taldeko kategoria arruntetan txertatu ahal izateko. 

Urpoloaren inguruko topaketa bat Eskola Kiroleko haurrekin
Ideia honekin azken bi denboraldi hauetan ere, oraindik ere aurrera egitea lortu ez badu ere, urpoloaren inguruan lana egin du gure taldeak, herriko elkarteekin topaketak burutuz, udako igerilekuetan kirol promozionatuz eta ate irekiak ere eskainiz. Urpoloarekin batera, igeriketa artistikoa eta kirol sorospenaren aukerak zabalik ditu taldeak, nahiz eta atal berriak zabaltzeak denbora eta lan gehiago eskatzen duen. Horretan jarraituko du. 

Igeriketa tradizionalari dagokionez, bere kirol praktikaren mailan etengabe hobera egin du gure taldeak, bere sorreran juxtu-juxtu parte-hartze alorreko lehiketatan aritzetik hasi eta azken denboraldian bi taldekide nazioarteko mailan Espainiako Selekzioekin aritzerako bidea eginez. Bide horretan, gure igerilariak pixkanaka Gipuzkoako Txapelketatan hasi, gerora Euskal Herriko Txapelketatan eta hortik Espainiako Txapelketatara saltoa eginez garatu dira, azken urteetan azken maila honetako kategoria guztietan urtero ordezkariak izan ditugularik. Zentzu honetan, ibilbide eta garapen honetan lagundu duten Mikel Esnali eta Haitz Mitxelenari merezitako omenalditxoa egin genien Lasarteko XXIX Sarian (Ikusi bideoa hemen 🎞). 

Euskadiko Selekzioa ordezkatu duten igerilariak ere ugariak izan dira, bai Euskal Autonomi Erkidego barruan zein bertatik kanpo eta asko izan dira Gipuzkoako Federazioaren teknifikazio saioetara deituak izan diren taldekideak. 

NAZIOARTEKO LEHIAKETARAKO SARRERA URTEA 

Igeriketa mailari lotuta, 2017/2018an beste salto bat eman zuen gure taldeak Ainhoa Martín eta Nahia Zudaireren Espainiako Selekzioaren deialdiekin. Deialdi hauekin lotuta biak kontzentrazio desberdinetan aritu dira eta baita lehiaketa desberdinetan ere, esanguratsuena Nahia Zudairek 2018ko abuztuan Dublinen jokatutako Igeriketa Egokituko Europako Txapelketa delarik. 

Haitz Mitxelenak master mailako 20-24 urteko
200 tximeletako Espainiako errekorra lortu zuen.
Gaur egun berea da oraindik
Kirol mailaren garapen horretan, ugari izan dira Espainiako txapelketatan podiumean egondako aldiak, lehena 2013an Itsaso Tolosa izanik Pontevedran eta orain arteko azkena Ainhoa Martín izanik, 2018ko uztailean Madrilen. Tartean eta aldi berean, Iñigo Ibarburu, Leire Martín, Nahia Zudaire, Mikel Esnal eta Haitz Mitxelana txapelketa hauetako podiumetan ere izan dira, behin baino gehiagotan. Honekin batera, taldekide hauek Euskadiko errekor ugari ezarri dituzte, oraindik ere indarrean daudenak eta baita Espainiako zenbait errekor ere, Nahia Zudairek dituenak eta Haitz Mitxelenak eskuratutakoak. 

Nahia Zudairek pertsonalki lortutako emaitzez gain, berarekin batera taldeak igeriketa egokituan egiten duen lana kanporatu ahal izan du. Bere sorreratik, betidanik, igeriketa egokitua landu duen arren, ikusgai jarri duena Nahia bera izan da, bere emaitzei esker. Hala ere, esan bezala, taldeak bere sorreratik eman dio irtenbidea behar desberdinak zituen pertsonari eta igeriketa egokitzea behar zuenari eta, aurrerantzean ere, horretan jarraitzeko asmo irmoa du. 

Azken denboraldiko emaitza esanguratsuenei dagokionez, honakoak aipatu nahi ditugu: 

IGERIKETA EGOKITUAN 

2017ko IWAS World Games 

Nahia Zudaire taldekidea "2017ko IWAS World Games"ean nazioarteko mailan lehiatzeko deitua izan zen. Bertan Espainiako Igeriketa Egokituko taldearekin arituko zen Nahia.Bertan 100, 200 eta 400 librean eta 50 tximeletan arituko zen leían eta bere nazioarteko estreinadian bi urre eta zilar bat eskuratu zituen. 

3rd International Trophy Adapted Swimming 

Apirilaren 21ean eta 22ean, Nahia Zudaire taldekidea Bartzelonan izan zen "3rd International Trophy Adapted Swimming"ean parte hartzen. Bertan, urre bat eta bi zilar eskuratu zituen Nahiak.



32. IDM BERLIN 2018 -World Para Swim World Series-
Ekainaren 7tik 10era bitartean, Nahia Zudaire taldekidea Berlin-en izan zen. Txapelketan Espainiako Selekzioarekin hartu zuen parte Nahiak, igeriketa egokituan. Bertan, absolutu mailako Espainiako 3 errekor, brontze bat, S8 klaseko bi brontze eta 7 marka prtsonal lortu zituen. 

IGERIKETA ARRUNTEAN 

Espainiako Federazioaren deialdia 

Ainhoa Martin taldekidea Espainiako Federazioak deitu zuen, Espainiako Selekzioarekin Talde Nazionalarekin batera (ESP) "Erromako IV Nazioarteko Meeting" Txapelketan aritzeko. 

Kontzentrazioa Murtzian 

Apirilaren 28tik maiatzaren 5era bitartean Ainhoa Martín taldekidea Murtzian izan zen, "EQUIPO NACIONAL INFANTIL" taldearekin kontzentrazioan parte hartzen. 

IV International Meet “Tiro a Volo Nuoto” 

Ekainaren 7tik 9ra bitartean, Ainhoa Martín taldekidea Erroman izango da "IV INTERNATIONAL MEET Tiro a Volo Nuoto"an parte hartzen. Bertan 400 metro lau estiloetako marka bitan birrindu zuen Euskadiko Errekor berri bat ezarriz eta guztira 4 probatatik 3 final jokatuz eta bi marka pertsonal eginez. 


Iruzkinak